Xuxen hainbat euskarritarako garatu da, eta horri buruzko informazioa duzu hemen. Bertsioei buruzko zalantzak argitzeko, jarri gurekin harremanetan.
Adobe InDesignen hainbat bertsiotarako pluginak garatu ditugu; baita sistema eragile baterako baino gehiagotarako ere. Adibidez, webgune honetan eskuragarri daude InDesign CS5 bertsiorako Xuxenen pluginak, MacOSX eta Windows sistema eragileetan instalatzeko.
Bestalde, hauek dira Adobe InDesignerako garatu ditugun Xuxenen azken bertsioak:
LibreOffice eta OpenOffice testu-prozesatzaileetan ere badabil Xuxen.
Kontsultatu hemen eskuliburua.
Libreofficeko gehigarrien gunean ere zintzilikatu dugu: https://extensions.libreoffice.org/extensions/xuxen-5-zuzentzaile-ortografikoa
Fitxategiak OXT formatua du, eta gehigarri gisa instalatzen da bulegotika-pakete horretan.
Xuxenek mezu elektronikoak, blog-sarrerak, sare sozialetako mezuak eta abar behar bezala idazten laguntzen dizu! Horretarako, instala ezazu zure nabigatzailerako plugin egokia.
Chromek oraindik ez du ematen aukerarik euskara hautatzeko edukien hizkuntza definitzean, baina Xuxen zuzentzaile ortografikoa erabil dezakegu hala ere. Xuxen instalatu eta gero, euskarazko zuzentzaile gisa konfiguratu beharrean, suedierazko zuzentzaile bat dela esan behar zaio Chromeri. Oraingoz, hori da euskarazko testuak Chromen zuzentzeko modu bakarra.
Kontsultatu eskuliburua hemen.
Firefox euskaraz deskargatzeaz eta erabiltzeaz gain, bertan euskaraz idazten ditugun testuak Xuxenen bidez zuzendu ditzakegu. Horretarako, Firefox-eko gehigarri bat instalatu behar da.
Hunspell hizkuntza morfologikoki aberatsetarako diseinatutako zuzentzaile ortografikoko motor bat da. MySpell-en oinarrituta dago, eta askotan erabili dugu euskarazko zuzentzaileak sortzeko. Teknologia horrek, ordea, baditu muga batzuk, eta, beraz, ez dira berdinak Xuxen.eus-en zuzenketa-motorrak eta Hunspellenak ematen dituzten emaitzak. Euskara hizkuntza konplexua da morfologikoki, eta morfema asko erabil daitezke hitz edo forma bat sortzeko.
Hunspellen oinarritutako euskarazko zuzentzaile ortografiko bat sortzeko, bi fitxategi erabili dira: eu_ES.aff eta eu_ES.dic (deskargatzeko esteka behean). Xuxen 5.4.10 bertsioaren datuekin sortuak dira, eta, beraz, eguneratuta daude.
Horiek deskargatzean, garrantzitsua da fitxategien jatorrizko luzapena mantentzea, hau da, fitxategiek izen hori bera izan behar dute: eu_ES.aff eta eu_ES.dic. Web-nabigatzaile batzuk automatikoki aldatzen diete luzapena, fitxategiaren izenari .txt erantsiz; beraz, kontuan hartu behar da xehetasun hori.
Hunspelleko hiztegiak ulertzeko gai diren hainbat aplikazio daude merkatuan. Une honetan, Openoffice eta Libreoffice bulegotika-aplikazioetarako inplementatuta dagoen Xuxen plugina Hunspellen dago oinarritua. Baita Firefox, Internet Explorer eta Chrome web-nabigatzailean inplementatutakoa ere. Era berean, TOKIKOMekoek garatutako InDesign CS6-rako pluginak ere Xuxenen Hunspell hiztegi librean oinarritzen dira.
Hunspelleko hiztegian oinarrituta, komunitateak dagoeneko hainbat tresnetarako zuzentzaileak prestatu ditu:
2023eko abenduan kaleratutako Xuxen 5.4.10 zuzentzailea da hau, eta, Windows eta Microsoft Office berrienetarako prestatuta dago, Microsoft Office 365 barne.
Xuxen 5.4. Mac OS sisteman instalatzeko artxiboa ere eguneratu dute teknopata.eus webgunean, bertan aurkituko dituzue instalazio xehetasunak: https://www.teknopata.eus/2023/12/xuxen-mac-5-4/
Sisteman integratzen den zuzentzaile hori hainbat aplikaziotan erabil daiteke, adibidez, Safari, TextEdit eta Chrome.