Xuxen Elhuyar Fundazioaren eta Euskal Herriko Unibertsitateko Ixa taldearen artean garatutako euskarazko zuzentzaile ortografiko eta gramatikala da. Bi hamarkadatik gora joan da dagoeneko Xuxen sortu genuenetik. Hizkuntzalari eta informatika-ingeniariek elkarlanean sortutako sistema hark iraultza ekarri zuen ordenagailu bidez testuak euskaraz idazten ditugunontzat.
Hasierako Xuxen sortu genuenetik, haren hainbat bertsio sareratu ditugu (Microsoft Officerako, OpenOffice.org eta LibreOfficerako, web-nabigatzaileetarako, Adobe Indesign-erako...), eta, ortografia-akatsak hautemateaz gain, proposamen gramatikalak egiten ere irakatsi diogu Xuxeni.
Baina informatikan oso azkar gertatzen dira aldaketak, eta programa eta aplikazioak etengabe eguneratzen dira. Gure hizkuntzan ere gertatzen dira aldaketak: Euskaltzaindiak arau berriak egiten ditu, hitz berriak sortzen dira... Horiek denak kontuan hartuta, Xuxen eguneratu dugu. Azken bertsioa 2023ko abenduan kaleratu dugu, ingurune digitaletan idazteko erabiltzen diren tresna ezagunenen bertsiorik berrienetarako egokituz. Horrekin batera, Euskaltzaindiaren Hiztegiko eta Elhuyar Hiztegiko azken aldaketak txertatu ditugu euskarazko zuzentzailearen datu-basean, Xuxenek proposamen ortografiko, lexiko eta gramatikal egokienak egin ditzan.
Xuxenek, bere bertsio guztietan, gorriz azpimarratzen ditu gure akats ortografikoak: zihur, xagu, akanpaleku, iharduera, konbidatu... Eta horiek nola zuzendu proposatzen digu.
Bestalde, webguneko online bertsioan, berdez edo urdinez azpimarratzen ditu hitzak, zuzenak izan arren Euskaltzaindiak beste forma bat hobesten duen kasuetan, hala nola bordatu,fondo, nahastu, ainitz... Eta Euskaltzaindiak hitz horien ordez hobesten dituen ordainak proposatzen dizkigu.
Azkenik, zenbait akats gramatikal ere berdez edo urdinez azpimarratu eta zuzentzeko proposamena egiten du: gosea daukat, ikusiko gara...
Microsoft Office berrienetan (Office 365 arte) erabiltzeko prest dago Xuxen. Beraz, gure ordenagailura deskargatzen badugu, aipatutako hizkuntza-zuzenketa eta -proposamen guztiak balia ditzakegu Word-en testu bat idazten ari garenean, adibidez. Eta erabiltzailearen hiztegia osatzeko aukera ere izango dugu, Xuxenekin batera erabiltzeko.
Horrez gain, sistema hauetan guztietan txertatzeko pluginak ere eskuragarri jarri ditugu, zuzenketa ortografiko eguneratuak egin ditzaten:
Beste hainbat aplikaziotan ere erabil daiteke Xuxen berriena: Hunspell-en oinarritutako datuak deskargatzeko moduan daude webgunean, eta formatu hori onartzen duten aplikazioetan erabil daiteke Xuxen; esaterako, Adobe InDesign-en.
Bertsio berria ordenagailuan instalatuta nahiz online erabil daiteke: xuxen.eus webguneko kutxan bertan sar daiteke zuzendu beharreko testua, eta sistemari eskatu akatsak detektatzeko eta zuzenketak proposatzeko.
Orobat, Xuxen zuzentzaileak, webguneko onlineko bertsioan, urrats bat gehiago egin du orain arteko bidean. Zuzenketa ortografiko eta gramatikalak proposatzeaz harago, genero-ikuspegia ere kontuan hartzen du eta hizkuntza baztertzaileari buruzko gomendioak ematen ditu, hizkuntzaren erabilera sexistaz ohartaraziz.
Adibidez, mota honetako aholkuak ematen ditu: